Este sitio utiliza cookies, propias y de terceros, para dar un mejor servicio. Si continuas navegando entendemos que aceptas nuestra política de cookies.

ACEPTAR

Prebentzioa

Murriztu, berrerabili eta birziklatu. Horiek dira kontuan eduki behar ditugun kontzeptuak hondakinei buruz ari garenean, zabor gutxiago sortzeko modurik errazena baita. Orrialde honekin horretan lagundu nahi zaitugu.

Etxean bertan hondakinak murrizteko aholkuak.
Etxean bertan hondakinak berrerabiltzeko aholkuak.

Gainera, Donostiako Udalak hondakinen prebentziorako edo horiek murrizteko hainbat programa ditu. Parte hartu!

Pixoihal berrerabilgarriak
Donostitruk, bigarren eskuko azoka
Ur pitxerrak, ostalaritzan
Tupperrak, arrandegietan
Jaietan, edalontzi berrerabilgarriak

Zure etxean hondakinak murrizten lagunduko dizugu.

donostia_hondakinak

Erosketak egitean erraza da hondakin gutxiago sortzea, hainbat jokabide kontuan hartzen badira.

Ontzi gutxiago:

  • Tamaina handiko eta bilgarriak erabili: hondakin gutxiago sortzeaz gainera, dirua aurrezten lagunduko dizute.
  • Erosi produktuak aleka. Geroz eta eskaintza handiagoa dago: lekaleak, zerealak… eta baita garbigarriak ere.
  • Aukeratu bildu edo ontziratu gabeko frutak eta barazkiak. Gainera, tokian tokiko produktuak badira, eta sasoikoak, bilgarrietan eta garraioan aurreztuko duzu. Eta kalitatean eta zaporean irabazi!
  • Aukeratu ontzi eta bilgarri gutxiago dituzten produktuak. Ez da beharrezkoa galletak hirunakako sortetan egotea!
  • Garbiketarako produktuek hondakin ugari sortzen dituzten urtean zehar. Horregatik, aukeratu produktu kontzentratuak eta berriz karga daitezkeenak, edo bestela, ekoitzi zeure garbiketa produktu naturalak, batere osagai kimikorik gabe.

donostia_hondakinak_envases

Paper gutxiago:

  • Zure fakturak paperean behar al dituzu bai ala bai? Esan zure hornitzaileei posta elektronikoz bidaltzeko.
  • Entitateren baten informazioa jaso nahi baduzu (esaterako, kultur etxeetako egitarauena), eskatu posta elektronikoz bidaltzeko.
  • Erosi birziklatutako materialekin ekoitzitako papergintza produktuak (koadernoak, folioak, paper-zorroak…), eta betetzen dituzunean, birziklatu!

Beste batzuk:

  • Eraman beti gainean poltsa berrerabilgarriren bat; hartara, erosketa txikiren bat egitea egokitzen bazaizu, plastikozkoak erabiltzea saihestuko duzu. Pisu astuna garraiatu behar baduzu, gogoratu erosketetako orga oso lagungarria izango duzula.
  • Arrandegian erosteko, taperra erabili.
  • Ogia erosteko ere, poltsa eraman.
  • Ahal duzun guztietan, saihestu “erabili eta bota” erako produktuak; esaterako, paperezko ahozapiak edo musuzapiak, plastikozko plater eta mahai tresnak, bizar labanak, pizgailuak…
  • Pilak oso-oso kutsakorrak dira. Saihestu erabilera bakarrekoak: konektatu gailuak sarera edo erabili berriz kargatzeko moduko pilak.

donostia_hondakinak

Zure etxean hondakinak murrizteko dituzun ideiak partekatu nahi al dituzu gurekin, orrialde honetan argitaratu ditzagun? Bidali mezu elektroniko bat helbide honetara:ingurumena@donostia.eus

> Igo

Produktuak berrerabiltzeko ideiak

Objektu bat bota aurretik, birritan pentsatu. Seguru bigarren aukera bat emateko modua dagoela. Hona hemen zenbait ideia, gauzak errazago egin ahal izateko:

Konpondu:

  • Xehagailua puskatu zaizu? Edo telebista? Zaharrak bota eta berriak erosi aurretik, eraman konpontzera. Izan ere, ia beti dute konponbidea gailu elektrikoek, etxetresna elektrikoek, altzariek eta bestelako objektuek.
  • Zure praka gustukoenetan tarratada egin duzu? Ez bota! Eraman pasaratzera! Eta zure botin gustukoenek nahikoa izango dute, ziur asko, zorua itsastea edo beste kolore batez tindatzea, erabiltzen jarraitu ahal izateko. Bota eta berriak erosi aurretik, jakizu arropa eta oinetakoak konpondu ditzakezula.

jantzi_again_donostia

Eman:

  • Litekeena da zuk dagoeneko behar ez izatea arropa, altzari eta etxetresna elektriko horiek, edo daukazun ordenagailu zaharra… Baina jende askok behar ditu: ez bota, eman behar dituenari (Emaus, Cáritas, etab.)

Bigarren eskukoak:

  • Egoera onean dauden gauzak dituzu, baina zuk ez dituzu behar? Eraman zure arropa, altzariak edo etxetresna elektrikoak bigarren eskuko produktuen denda batera.
  • Parte hartu bigarren eskuko azoketan; nola aurrez aurrekoetan, hala sarekoetan. Esaterako, Donostitruk eta Merka2sanmarcos.
  • Egin erosketak bigarren eskuko produktuen dendetan (arropak, jaioberrientzako objektuak, autoaren piezak…).

donostia_hondakinak_ekocenter emaus

Beste batzuk:

  • Xukaderak, izarak edo elastiko zaharrak garbiketarako trapu ezin hobeak izaten dira.
  • Berrerabili ontziak bestelako gauza batzuetarako: kontserba ontziak behin baino gehiagotan erabili daitezke, estalkia edo apaindura aldatuta.

Nahi al dituzu gurekin partekatu objektuak eta produktuak berrerabiltzeko dauzkazun ideiak, orrialde honetan argitaratu ditzagun? Bidali mezu elektroniko bat helbide honetara:ingurunea@donostia.eus

Hondakinen sorrera murrizteko udal programak:

> Igo