Este sitio utiliza cookies, propias y de terceros, para dar un mejor servicio. Si continuas navegando entendemos que aceptas nuestra política de cookies.

ACEPTAR

Auzo-konposta

Aieteko konpostagunea

Konposta egin nahi duzu, baina ez duzu lursailik?

Donostiako Udalak auzokonposta egiteko programa bat abian du. Horri esker, hainbat familiak horretarako aproposa den gune publikoan jarritako konpostagune bat partekatzen dute. Parte-hartzaileek, egindako konposta eraman dezakete, etxean, baratzean, etab. erabiltzeko. Dagoeneko lanean ari dira Aieten, Añorga Txikin, Igeldon, Zubietan, Morlansen, Martutenen, Errotaburun eta Ulian. Bidebietan eta Intxaurrondon ireki behar diren gunetan ere parte hartzeko aukera dago.

Auzo-konpostaren programan parte hartzea erabakitzen baduzu, Udalak zure sukaldeko hondakin organikoak konpost bilakatzeko behar dituzun argibideak eta materiala emango dizkizu (etxerako, kuboa eta gida; konpostagunean lan egiteko behar den material guztia Udalak jartzen du. Gainera, pizgarri ekonomiko bat jasoko duzu. Horren helburua da biohondakinaren kudeaketa arduratsua egiten duten hiritarrei zerga arloan onurak eskaintzea.

Ikastaroak eta jarraipena:

Gune berri batean parte hartu behar baduzue, behin interesaturik dauden familien taldea osatua dagoenean ikastaro bat antolatukodu Udalak, talde osoarentzat.

Ikastaroak arratsaldeko 19.00ak aldera izaten dira, orubeteko iraupena du eta auzoko kultur-etxe, auzo-elkarte edo antzeko guneren batean.

Jada martxan dagoen konpostagune batean parte hartu nahi baduzue aldiz, udal teknikari bat zuekin hitzordua egingo du azalpenak emateko.

Ikastaroa saio bakarrekoa izaten bada ere, ondoren Udalaren Ingurumen saileko teknikari batek jarraipena egiten du: astean behin edo bi astez behin konpostaguneetara hurbiltzen da nola dauden ikustera, tenperaturak neurtu, hezetasuna-maila begiratu, eta abar. Parte hartzaileei oharren bat eman behar badie, posta elektronikoz edo telefonoz egingo du.

Parte hartzaileak ere edozein momentutan jarri daitezke harremanetan Ingurumen sailarekin, e-mailez edo telefonoz galderak argitzeko.

Konpostagunearen funtzionamendua:

1.- Ordutegia librea da:

Familia bakoitzak giltza bana du konpostagunera sartzeko, beraz, eguneko edozein ordutan joan daitezke hondakinak eramatera.

2.- Gune bakoitzak arduradun bat du:

Derrigorrezko baldintza da. Talde bakoitzak erabakiko du hau nola antolatu: batzuetan arduraduna pertsona bat izaten da denbora luzean, eta bestetan bi hilabetean behin-edo txandakatuz egiten dute. Arduradunaren lanak honakoak dira: astean behin konpostagailuaren barruan dagoen materiala aireztatzaileaz nahastu eta egituratzaileaz tapatuta utzi; egituratzailea bukatzen denean udalari abisatu (normalean udal teknikaria ohartzen da bisitak egiten dituenean); eta taldea koordinatu denen artean egin beharreko lanak egiteko (konposta iraultzea eta konposta ateratzea).

3.- Konpostatzaileen erabilera:

Konpostagune bakoitzean 8 konpostagailu egoten dira. Konpostagunea erabiltzen duten familiak bi taldetan antolatzen dira, hortaz,talde bakoitzak 4 konpostagailu erabili ditzake.

Etxola moduko konpostagunetan talde bakarra osatzen da, eta taldeak etxolako lau kaxoiak erabiltzen ditu.

Konpostagailu edo kaxoi bakarra dago irekita, hondakinak bertan bota behar dira eta egituratzailez estalita utzi.

Arduradunak astean behin guztia nahasten du (aireztatu) eta egituratzaileaz estaltzen du.

Konpostagailua edo etxolako kaxoia beteta dagoenean, arduradunak itxita uzten du eta taldekoiei abisatzen die beste konpostagailu edo kaxoi batera hondakinak botatzen hasteko.

Konpostagailu edo kaxoi guztiak betetzen direnean, konposta onduena ateratzen da, eta partaideen artean banatzen da.

Ekimen honetan izena eman nahi baduzu, edo informazio gehiago jasotzeko, gurekin harremanetan jarri: ingurumena@donostia.eus edo telefono zenbakian: 943483390.

donostia_hondakinak_auzokonposta